“Hezkuntza ekonomikoa deseraikiz” izenburupean, joan den apirilaren 29an eta 30ean egin ziren Rosa Sensat elkartean RedEFESen III. jardunaldiak –Finantza Etiko eta Solidarioetan heztearen aldeko Sarea–, hezkuntza eta finantza etikoei buruzkoak, FETS – Finançament Ètic i Solidari, Finantzaz Haratago, Finantza Etikoak Fundazioa eta Oikocredit erakundeek bultzatuak.
Topaketan 70 bat lagunek hartu zuten parte, irakasleak eta hainbat hezkuntza-arlotako pertsonak, hainbat lekutatik etorriak: Valladolid, Valentzia, Nafarroa, Euskadi, Albacete edo Madril, Kataluniaz gain. Jardunaldien helburuak honako hauek ziren: gaur egungo hezkuntza ekonomikoaren ereduari buruzko eztabaida sustatzea, ikasgeletan erabiltzen diren ikuspegiari eta metodologiari buruz hausnartzea, hezkuntza ekonomiko, kritiko eta pluralerako alternatibak planteatzea, esperientziak eta hezkuntza-baliabideak ikusaraztea eta partekatzea eta topagune bat sustatzea.
Jardunaldiei ongietorria egin zieten Maria Antònia Bartolí Tosquella-k (FETS – Finançament Ètic i Solidari), Carme Gual Via-k (Kataluniako Lankidetza Agentzia) eta Maria Monzó Tatje-k (Bartzelonako Udaleko Nazioarteko Lankidetza eta Justizia Globala saila).
Aktibismoan heztea
Ondoren, jardunaldiak kokatzeko, erreferente diren hainbat emakumek hartu zuten parte: Koldobi Velasco, Banca Armada Kanpainakoa; Guernica Facundo, LabCoop eta Bartzelonako Aktibismo Ekonomikoko Eskolakoa; Flora Paternio, DAWN Sare Feminista eta Ekonomi Feministen Eskolakoa; eta María Atienza de Andrés, REAS-Red de Redes erakundekoa, eta nabarmendu zuten oso garrantzitsua dela aktibismo ekonomikoaren hezkuntza norbere bizipenekin lotzea eta tokiko errealitateekin eta errealitate globalekin enpatizatzea, borroka horiei zentzua emateko.
Hezkuntza ekonomikoaren curriculuma eztabaidagai
Eremu honetan, hezkuntza ekonomiko eraldatzailea sustatzeko ikasketa-planetako erronkei eta curriculumari buruz eztabaidatu zen, bai eta egungo hezkuntza ekonomikoaren ereduari buelta emateko proposamenei buruz ere.
Galdera horiei erantzuteko, bertan izan ziren Irati Cifuentes Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundekoa, Elena Carbonell l’Associació Ensenyants d’Economia i Empresas – Catalunya elkartekoa eta Lucía Gómez, Finantza Etikoak Fundaziokoa, bai eta Claudia Alvarezen bideo bat ere, Curriculum Globalaren aldeko Kanpaina Munduko Foro Sozialerako bidean.
FETS erakundeko Nina Gonzalez aritu zen moderatzaile gisa, eta mahai gainean jarri zuen hezkuntza-curriculuma berritzeko prozesuan ez zirela kontuan hartzen ikuspegi eraldatzaileenak (feminista, dekoloniala, eko-soziala, bakearen kultura eta giza eskubideen babesa), zentzu kritikoa, solidarioa eta komunitarioa garatu ahal izateko. Irati Cifuentesek nabarmendu zuen bigarren hezkuntzan eta LHn gertatzen ari den aldaketa une hau aukera egokia izan daitekeela irakasleak prozesuetan sartzeko, haiei entzuteko eta hezkuntza ekonomiko etikoa eta kritikoa hurbiltzeko. Horretarako, talde-lanak bultzatu behar du aldaketa, administrazio publikoetara iristeko eta hezkuntza ekonomiko kritikoa hezkuntza-curriculumean egon dadin eragiteko.
Escape Room ¡Desbankaesabanca!
Lehen egunari amaiera emateko, parte-hartzaileek Escape Roomaz gozatu zuten, Nafarroako Teatrolari konpainiak antzeztua. Esperientziak proposatzen zuen murgiltze moduan ezagutzea banku etikoaren ezaugarri nagusiak, eta, aldi berean, banka tradizionaletik ihes egitea modu ludikoan.
Bigarren eguna: Finantza etikoetan hezteko materialak, baliabideak eta proposamenak
Bigarren egunean, egungo ekonomiako eskuliburuek dakartzaten erronkei buruz eztabaidatu zen. Javier Murillo UCMko irakasle elkartuak Batxilergoko 1. mailako Ekonomia Eskuliburuaren berrikuspen kritikoa aurkeztu zuen, eta adierazi zuen irakaskuntza-esperientziak ezagutzea eta partekatzea garrantzitsua dela hezkuntza ekonomikoa eta finantzarioa eredu kritikoago batera aldatzeko aukera izateko. Félix Pardok, berriz, UBko irakasleak “Ekonomia kritikoak eta aniztasun ekonomikoak material didaktikoetan duten presentzia baloratzeko irizpideak” izeneko lan kolektiboa azaldu zuen, eta Ana Moyak, UCko Lankidetza eta Elkartasun Arlokoak, planteatu zuen “ESSaren zeharkakotasuna Andaluziako unibertsitateen ADE graduetan, Garapen Jasangarrirako 8. eta 12. Helburuei ekarpena egiteko”.
Bigarren mahaian, baliabide pedagogiko berritzaileak erakutsi ziren, hala nola “Bonboa, kaxa eta finantza etikoak”, Oikocredit Euskadi / Finantzaz Haratagoren musika-esperientzia, edo LaNavevaren antzerki-esperientzia Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan, bai eta “Dohainaren ekonomia” proposamen didaktikoa ere. Joseba Larribak dioenez, “dagoeneko ez da aitzakia finantzetan modu kritikoan hezteko material falta”.
Hezkuntza-esperientzien karrusela finantza etiko eta solidarioetan
Hainbat instituturen, gazte-erakundeen eta finantza etikoen erakundeen hezkuntza eta ekonomia eraldatzaileko 8 esperientzia aurkeztu ziren karruselean, beste hezkuntza ekonomiko bat posible dela eta aurrera eramaten ari dela erakutsiz. RedEFESen webguneko esperientziak atalean aurki daitezke esperientzia horiek guztiak.
Amaitzeko, jardunaldien ondorioen eta RedEFESen etorkizunerako proposamenen gunea dinamizatu zuen LaNavevak, finantza etiko eta solidarioetan oinarritutako hezkuntzaren alde taldean aurrera egiteko eta sarea ehuntzen jarraitzeko, topaketarako, gogoetarako eta esperientziak trukatzeko gune hori indartzen segitu ahal izateko.