Joan den ekainaren 29an, Hezkuntza ekonomikoaren egungo ereduaren hausnarketak eta finantza etiko eta solidarioetatik proposatutako alternatibak izeneko topaketa izan zen, Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialaren, testuinguruan, Red – RedEFES sareak eta hura osatzen duten erakundeek antolatu zutena: FETS – Finançament Ètic i Solidari, Fundación Finanzas Éticas, Oikocredit Catalunya eta Finantzaz Haratago, honako hauekin lankidetzan: Campaña por un Currículum Global ECOSOL, REAS Euskadi eta Edualter.
Topaketa aukera ona izan zen egungo hezkuntza ekonomikoaren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko, ikasgeletako ikuspuntu eta metodologia nagusiei dagokienez. Bigarren zatian, hezkuntza ekonomiko kritiko eta plural baterako alternatibak planteatu ziren, eta finantza etikoetako hezkuntza sustatzeko esperientzia eta baliabideak partekatu eta ikusarazi.
Topaketan 50 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte; besteak beste, hezkuntzaerakundeek, irakasleek, gazte-elkarteek eta finantza etikoen nahiz ekonomia solidarioaren arloko erakundeek.
Lehen zatian, Arcadi Oliveres UAB eta UB unibertsitateetako ekonomia-irakasle erretiratuaren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen, eta ekonomia- eta finantza-hezkuntzaren erronkak eta eztabaidak planteatu zituen, bai egungo testuinguruan eta bai etorkizunekoan. Ondoren, Ricardo Usategui Uriartek– Elkarcredit/Finantzaz Haratago “Finantza etiko eta solidarioetako egungo hezkuntza-proposamenak tokiko eta munduko sare baten testuinguruan” mahaia dinamizatu zuen, Irati Cifuentes Axpe – Economistas sin Fronteras; Jordi Ibáñez – Fundación Finanzas Éticas; Martí Boneta – Oikocredit Catalunya; Nina González – FETS – Finançament Ètic i Solidari eta Alicia Cabezudo – International Peace Bureau – IPB América Latina eta Campaña por un Currículum Global ECOSOL. parte-hartzearekin. Lehenak tokian toki eta mundu mailan erreferentziazkoak diren erakunde eta sareen printzipio eta helburuak azaldu zizkigun, baita ekonomia kritiko eta pluraleko hezkuntza eta finantza etiko eta solidarioen sustapena ere, ekonomia sozial eta solidarioaren motor moduan.
Bigarren zatian, Joseba Larriba Aranaga, Oikocredit Euskadi/ Finantzaz Haratago, “Beste hezkuntza ekonomiko bat posible da eta frogatu dezakegu!” mahaia dinamizatu zuen. Finantza etikoei buruzko hainbat baliabide pedagogiko aurkeztu zituen. Lehenik eta behin, Mariano Floresek – Edualter– “Zure diruak zure moduan pentsatzea”, gida didaktikoa aurkeztu zuen, hezkuntza-zentro formalei zuzendua, bigarren hezkuntzatik batxilergora arte, curriculum formalera egokitutako jarduera multzo batekin. Saioa Bacigalupe, Elorrieta-Erreka Mari institutuko irakasleak “Ekonomia solidarioa: ekonomia eraldatu gure mundua eraldatzeko”, gida didaktikoa aurkeztu zuen, edukien eta didaktikaren proposamen bat ekonomiaren funtzionamendua eta haren mugak aztertzeko. Hezkuntza-zentro formalei dago zuzendua, baina baita ekonomia sozial eta solidarioan eta finantza etikoetan sartzeko interesa duten pertsonei ere. Amaitzeko, Elisabet Aznar –LaNaveVa– “Txanponaren zein alde nahi duzu?” tailerraren formatu birtualerako egokitzapena aurkeztu zuen, pandemia globalaren ondorioz, zeinak formatu eta metodologiako aldaketa bat ekarri duen proposamenetan, ikasgela birtualetan finantza etikoak lantzen jarraitu ahal izateko.
Amaitzeko, eta denbora bukatzen ari zela, “Finantza etiko eta solidarioetako hezkuntza-esperientzien karrusela” hitzaldia dinamizatu zuen Martí Boneta –Oikocredit Catalunya, ikasketa eta zerbitzuaren aurkezpen labur batekin, gazteak finantza etikoetan inplikatzeko aukera moduan. Ana Úbeda iada Mataró BHI- Mataroko (Bartzelona) Miquel Biada institutuaren “Biabanca Ètica: una banca ètica en un institut emprenedor” esperientzia aurkeztu zuen; esperientzia bakarra da, zentroaren ikastaro guztiak zentroko banku etikoaren proiektuan sartzen baititu, non ikasturte-amaierako proiektuak ebaluatu ahal diren finantza etikoen irizpideei jarraikiz. Bestetik, Maialen Aginagalde Catalán – Mugarik Gabeko Ekonomialariak, esperientzia hau aurkeztu zuen: “Erronketan oinarritutako lankidetza: ekonomia sozial eta solidarioa lantzen LHn eta unibersitatean ”, zeinak aukera ematen duen ekonomia eraldatzaileak goi-mailako hezkuntzan sartzeko. Amaitzeko, Ramón Sanmiquel, Xavier eskola tekniko-profesionaleko koordinatzaile pedagogikoak “Implicant al jovent en les finances ètiques en els cicles formatius”, proiektua aurkeztu zuen, eta harrera ona izan zuen parte hartu zuten ikasleen artean.
Nahiz eta luzatu egin zen, topaketak aukera eman zuen ekonomia kritiko eta eraldatzailearen hezkuntza eta finantza etiko nahiz solidarioak lantzen dituzten esperientzia, baliabide eta erakundeen inguruan eztabaidatzeko, 2020ko urriko Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialaren prozesuan aurrera egiteko.
Espero dugu gozatu izana, eta RedEFES sarean izena ematera gonbidatzen zaituztegu, bai bakarka, bai erakunde atxiki gisa.