9 October, 2020

EKONOMIA- ETA FINANTZA-HEZKUNTZA KRITIKO ETA ETIKOAREN ALDEKO MANIFESTUA

Duela 3 urte, 2017ko urriaren 2an, Espainiako Bankuak (BE) eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten finantza-hezkuntzako estatu-estrategia garatzen jarraitzeko, “Finantza Hezkuntzako Plana 2018-2021” aurkeztearekin batera. Plan horrek aurreko planen ildo berberari heltzen dio, eta prozesu bera erabili dute hura definitzeko eta garatzeko. 2008an, erakunde horiek finantza-hezkuntzako estatu-estrategia bat bultzatzen hasi ziren, eta beren proiektuko gidalerroak “Finantza Hezkuntzako Plana 2008-2012″ izenekoan islatu zituzten; gero, “Finantza Hezkuntzako Plana 2013-2017”-rekin berritu egin zuten konpromiso hori, herritarren finantza-kultura hobetzeko helburuaz. Aipatutako Planek “Finantzak guztiontzat” marka sortu dute, eta “Finantza Hezkuntzaren Eguna” (urriko lehen astelehena) eta “Finantza Hezkuntzaren Astea” finkatu dituzte. Horri esker, komunikazio-estrategia digitalizatu bat garatu dute, herritar gehienengana heltzeko asmoz.

 

Espainiako estatuko eta munduko hainbat erakundek eta sarek finantza etikoetan oinarritutako hezkuntza lantzen dugu, eta finantza- eta ekonomia-sistemari buruzko ikuspegi kritikoa dugu, bai eta jarrera konprometitu eta aktiboa ere finantza alternatibo solidarioak sustatzeko, besteak beste gizarteari eta ingurumenari buruzko auziak kontuan hartuz. Horrez gain, kezka handia dugu ezarritako finantza-hezkuntzaren ereduarekiko, eta ezinbestekotzat dugu eskuragarri dauden alternatibak lantzea eta ikusaraztea. Horregatik, Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak sustatutako Finantza Hezkuntzaren Astearekiko gure iritzia azpimarratu nahi dugu.

 

Gure kezka nagusia ikastetxeetara zuzendutako finantza-hezkuntzaren sustapena da, finantza-hezkuntza eskola-curriculumean sartu baita. 2012ko eta 2015eko PISAren (Programme for International Student Assessment – Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programa) emaitzek erakutsi zuten Espainiako estatuko errendimendua azterlanean parte hartu zuten beste herrialde batzuen batez bestekoaren azpitik zegoela. Kezka horren ildotik sortu zen eskoletan finantza-hezkuntza txertatzeko ahalegin handiagoa egiteko beharra.

 

Finantza Hezkuntzako Eskola Programan 500 ikastetxek baino gehiagok hartzen dute parte, eta finantza-hezkuntzako ekimen-kopuru gehien garatzen dituzten erakundeak finantza-erakundeak dira. Gure ustez, finantza-krisien ondorioak eta desberdintasun gero eta handiagoak agerian uzten ari dira finantza-globalizazioaren kudeaketak, bai eta banku-erakundeen jardunbideek ere, eragin negatiboak izan ditzaketela pertsonen ongizatean eta ekonomian. 2016an aurkeztutako Finantza Hezkuntzako Ekimenetarako Jardunbide Egokien Kodean inpartzialtasuna aipatzen zen lehen printzipio aplikagarri gisa. Baina bankuek ematen dizkiete ikasleei materialak eta prestakuntza, eta, beraz, uste dugu inpartzialtasunaren alderdi hori ez dela errespetatzen, ikasgaiak nola ematen diren zedarritzen baita horrela.

 

Guk ekitatea, justizia soziala eta giza eskubideak defendatzen ditugu, eta alde horretatik, uste dugu beharrezkoa dela finantza-eredu horrekiko eta eredu hori osatzen duten erakundeekiko jarrera kritikoa izatea, eta bila gabiltzan eredu ekonomikoari eta eredu horretan finantzek izan beharko luketen lekuari argi egitea. Finantza-hezkuntza hezkuntza-proiektuaren parte bada, funtsezkoa da eragitea, hartara finantza-sistemak eta banku-eragiketek gizakiarengan, gizartean eta ingurumenean sortzen dituzten eraginei buruzko sentsibilizazioa barnean har dezan, eta erantzukizun indibidualak eta kolektiboak eslei ditzan gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko. Finantza-eredu inklusibo bat sustatu behar dugu, sexuagatik, generoagatik, jatorriagatik edo beste edozein arrazoirengatik diskriminaziorik eragiten ez duena; gizarte- eta ingurumen-irizpideak barnean hartzen dituena, eta bai giza eskubideak bai Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko hartutako konpromisoak beteko direla bermatzen duena.
Hezkuntza-sistemaren bidez, ikasleek konpetentziak, izaera kritikoa eta heldutasuna eskuratu behar dituzte beren ingurunean moldatu ahal izan daitezen; izan ere, finantzek gero eta eragin handiagoa dute bertan. Irakaskuntza berrian, finantza-sistema erabat bereizten da sistema ekonomikotik, finantzak ekonomiaren tresna direla kontuan izan gabe. Ekonomia, pertsonen eta ingurunearen beharrei lotutako gizarte-zientzia den aldetik, ikuspegi holistiko eta kritiko batetik ulertu behar da; finantzak ezin dira modu isolatuan landu, sistema ekonomikoan duten funtzioa eta ondorioak ulertu gabe. Finantzen balioa berreskuratu behar da, pertsonen mesederako dagoen tresna inklusibotzat hartuta.

 

Horrenbestez, salatu beharra dugu Finantza Hezkuntzako Plana gauza bakar batera mugatzen dela: pertsonek finantza-zerbitzuak erabiltzeko trebetasunak hobetzera, sisteman jardun ahal izan dezaten; eta salatu beharra dugu, eta berean, ez duela zalantzan jartzen zerbitzuok edo finantza-ekintzek gizartean dituzten ondorioak. Sistema ekonomikoaren ikuspegi hegemonikoa baliozkotzen da, eta gure ekintzak modu pribatu eta indibidualean, askatasunaren izenean, kudeatzeko eta ziurtatzeko tresna gisa aurkezten dira finantzak, finantza-erabakiek ongizate kolektiboan duten eragina erabat ikusezin bihurtuta. Finantza-hezkuntzak, kritikoa izan dadin, tresnak eman beharko lizkieke ikasleei, finantza-sistemak pertsonengan eta planetan duen eragina ulertzeko eta gazteek beren diruaren kontsumo kritiko eta arduratsua egin dezaten laguntzeko.

 

Ikasgeletan eduki eta eztabaida berriak behar ditugu, gazteek konpromiso handiagoa har dezaten zenbait auziren alde: egitura ekonomiko eta sozial bidezkoago bat sortzearen alde, desberdintasunaren aurka borrokatzearen alde, ingurumena babestearen alde, emakumeen ahalduntzearen alde, gobernantza demokratikoaren alde, eta giza eskubideak errespetatzearen alde.

 

Horregatik guztiagatik, eta, munduko egungo egoerari so, inoiz baino sutsuago, deialdi bat egiten dugu, hezkuntzan printzipio etiko horiek kontuan hartzen dituzten finantzak susta daitezen, eta zabaldu dadin finantzak ekonomia errealaren atala direla eta mundua eraldatu dezaketela. Gure aldetik, ekintza bateratuak indartzeko koordinazio-estrategiak sendotzen jarraituko dugu; abagune bat eskainiko dugu, irakasleria eta finantza etikoetako eta hezkuntza eraldatzaileko erakundeak elkartzeko; herritarrak egungo errealitatearen eta horren alternatiben inguruan kontzientziatzea areagotuko dugu; eta ekonomia- eta finantza-hezkuntza kritiko eta etiko bat lortzeko bide-orria osatzen jarraituko dugu.

Erakunde sinatzaileak:

RedEFES – Finantza Etiko eta Solidarioen Heziketaren Aldeko Sarea
Finantzaz Haratago – Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea
Red Enclau – Red Valenciana para la Financiación Alternativa (Finantza Alternatiboen Valentziako Sarea)
Campaña por un Currículum Global de la Economía Social Solidaria (Gizarte Ekonomia Solidarioaren Curriculum Globalaren aldeko kanpaina)
Red Internacional de Educación y Economía Social y Solidaria (Hezkuntza eta Ekonomia Sozial eta Solidarioen Nazioarteko Sarea)
REAS Euskadi – Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea
FETS –  Finançament Ètic i Solidari (Finantza Etiko eta Solidarioen Kataluniako Sarea)
Finantza Etikoen Fundazioa

 

 

Harpidetu zaitez RedEFESen buletinean

newsletter